top of page

Résultats de recherche

3 results found with an empty search

  • Mintzatu aurretik apur bat pentsatuko bazenu...

    OSASUNTSU EGON Zer arraio da ? «Mintzatu aurretik apur bat pentsatuko bazenu, ez zenituzke hainbeste txorakeriarik esango.» ​ ​ Hauxe da, gutxi gorabehera, Moshe Feldenkrais-ek esan zuena egun batez, medikuz betetako gela baten aurrean, galdera xume baina harrigarri bat egin ondoren: «Zer da osasuna?» ​ ​ ( Nire oroitzapena inperfektua izan daiteke, baina esaldi horrek nahikoa markatu ninduen beraz uste dut bere hitzetatik aski hurbil naizela ) ​ ​ Itxuraz agerikoa den galdera honen erantzuna dirudiena baino konplexuagoa izaten da askotan. ​ Osasuna ≠ gaixotasunik eza ​ ​ Gehienetan, osasuntsu egoteak "gaixorik ez egotea" esan nahi duela uste dugu. ​ ​ Baina benetan hain sinpliea al da? ​ ​ 👉 Katarroa hartzen badut, horrek esan nahi al du ez naizela osasuntsu egongo katarroa joan arte? ​ ​ Erantzuna EZ da. ​ ​ Osasuna eta gaixotasuna ez dira kontrajarriak ​ ​ Gaixo izateak ez du esan nahi osasuna galtzen duzunik. Gaixotasunean, zure gorputzak duen erreakzioa da gakoa. ​ ​ Osasuna shock baten ondoren zure gorputzak berreskuratu eta orekatzeko duen gaitasuna da , gaixotasun bat, lesio bat edo estres emozional bat izan. ​ ​ Osasuna ez da bizitzako kolpeak saihestea, horiek jasateko gai den gorputza izatea baizik, egokitzeko eta azkar berreskuratzeko. ​ ​ Osasun onean banago, aiseago sendatuko naiz shock honetatik osasun txarrean banago baino. ​ ​ Gaixotzeak ez nau osasun txarradun pertsona bilakatzen. ​ ​ Beraz, osasuna edozein shocketatik berreskuratzeko gorputzak duen gaitasuna da. Hau da, hain zuzen ere, Feldenkrais metodoaren bidez egiten duguna. Ez dut agintzen kolperik gabeko mundurik. ​ ​ Ez da horrelakorik existitzen eta ez dut magiarik egiten gainera. Egia esateko, ez zait interesatzen ere, beharra dugula sinetsita bainago. ​ ​ Nire laguntzarekin, bizitzako kolpeetatik berreskuratzeko duzun gaitasun naturala eta abiadura hobetzen ditut, zure osasuna hobetzen da ikaskuntza kontzientearen bidez. ​ 👉 Gehiago jakiteko idatzi DM-ez edo pausatu zure galdera iruzkinetan. ​ 👉 Ados ez bazaude, eztabaida eraikitzaileak ongi etorriak dira. Eraikitzaileak ez direnak ere: nire kontaktuetan garbiketa egiten laguntzen didate.

  • HOBE GAUDE BILUZIK (diote oinek)

    OINETAKO MINIMALISTAK Urrats bat ibilkera naturalago baterantz Oinetako minimalistak… nerabezaroan aipatu izan bazenizkit pikutara bidaliko zintuzkedan ! Oraindik gogoan ditut nire lehen kirol oinetakoak aire kamerarekin. Arraioa ! Hain nintzen pozik ! Hegan egiten nuen ! Hegan…bai.. eta inori ez zitzaion arraroa iruditu oinetakoak ezartzea lurretik urrun sentitzeko. Lurrarekiko dugun harremana hobetu behar lukeen tresna, hagan egiteko nahi genuen. Badirudi airean egotearen sentsazioa ematen duten gauza guztiak ez direla osasuntsuak (entzun dudanaren arabera, nik horri buruz ez dakit ezer) eta oinetakoak ez dira salbuespena. Izan ere, oinetako batek zenbat eta kuxin gehiago ukan, orduan eta gogorragoa eta kaltegarriagoa izan daiteke gure artikulazioentzat. Baina ez dut nik esaten, gero eta ikerketa gehiagok frogatzen baitute hipotesi hori (ez airean sentitzeari buruz, oinetakoez ari naiz orain, erne egon!) Testu hau prestatzerakoan, gaiari buruzko hainbat artikulu eta ikerketa aurkitu ditut. Barruan, formula fisiko meta bat, baina horiek hemen kopiatzea saihestuko dut, ez ulertuko ez duzula uste dudalako, baizik eta nik neuk ulertzen ez ditudalako eta amesgaiztoak ematen dizkidatelako, nire batxilergoko fisika irakaslea datorkit gogora... laburbilduz, saihets dezagun sufrimendu momentu hau. Hau ulertzearekin nahikoa izango duzu: oin bat lurrarekin kontaktuan dugularik, gure gorputzak bi indar bertikal jasotzen ditu, lurrak egiten duen goranzko bultzada eta grabitatearen beheranzko indarra. Eta gero azelerazioa, eta beste formula batzuk eta bla bla bla, eta hori guztia hauxe esateko: oinetakoen gehiegizko kuxinatzea oso engainagarria da. Badakit kontraesana dirudiela, uste baitugu artikulazioetan eragina murrizten ari garela. Hori da dugun pertzepzioa behintzat, baina ez da hala, inpaktuaren sentsazioa murrizten baita, baina ez inpaktua bera. Fisikaren legeen arabera (nahi baduzu Interneten zentsuratu ditudan formulak kontsulta ditzakezu), gure artikulazio eta ehunek jasotzen duten inpaktuaren indarrak areagotzen dira oinetako barrubigunekin. Oinetakoen gehiegizko kuxinak oso kaltegarriak izan daitezke gure artikulazio eta ehunentzat, arduragabekeriaz eman baititzakegu urratsak eta oinak edonola kokatu, baita indar handiegiarekin lurra kolpatu ere, honen ondorioak antzeman gabe. Oinak behar bezala jartzen ez ditugunean (baita lurrarekiko modu egokian lerrokatuta ere), gure pisuaren banaketa kaltetua da. Orpoak, behatzak eta oinaren arkuak ez dira gai inpaktua behar bezala xurgatzeko eta gorputzaren pisua banatzeko. Horrek ondorio ezkorrak izan ditzake gure oinetan, orkatiletan, belaunetan, bizkarrean, etab. Aldiz, oinutsik edo zola meheko oinetako bigunak bakarrik eramaten ditugunean, oinek eta gorputzak lurrarekiko kontaktuan eta beheko gorputz-adarretan gertatzen ari dena senti dezakete. Aitzinatzeko biderik leunenaren bila, urratsak leunagoak eta kontzienteagoak izan ohi dira. Horrek eragin handia izan dezake gure artikulazio eta ehunen ongizatean. Bai, badakit, nik ere galdera bera egiten diot neure buruari: baina nola lortu zuen Forrest Gumpek 3 urte, 2 hilabete, 14 egun eta 16 orduz korrika egitea oinetako klasikoekin lesionatu gabe? Ez dut horri buruzko ikerketarik aurkitu, ezta ingelesez ere. Agian Feldenkrais egin zuen eta antolakuntza bikaina zuen kirol oinetako klasikoekin ere? Gauza ainitz ezkutatzen dizkigute... Beraz, hitz egin dezagun oinetako minimalistei buruz, horretara gentozen eta. Oinetako minimalistak zola mehea eta malgua dute, eta behatzentzako leku zabala, edo baita behatz bereiziak ere, edo behatz lodia beste 4etatik bereizita. Helburua litzateke, oinetakoak oinaren mekanika naturalean duten eragina ahal bezain txikia izatea, zapatarik gabeko mugimendutik hurbilduz. Pertsonek, oinutsik ibiliz eta korrika eginez eboluzionatu zuten milurtekoetan zehar. Oinetako minimalistak gure oinen jatorrizko esperientzia horretara hurbiltzen saiatzen dira, lurrarekin interakzio zuzenari esker eta propiozepzioari buruzko beste zenbait gauza interesgarri. Badakit "Ezagutzen dut norbait" ez dela datu fidagarria baina, ezagutzen dut norbait lasterketa zalea dena eta, bere bizitzako une batean, belaunetako mina zela eta, lasterketa betirako uztea pentsatu zuena. Belaunetako arazoekin hasi baino lehen, etorkizunera begiratzen zuelarik, semearekin korrika ikusten zuen bere burua, harekin partekatzeko pasio bat (denon ametsa izan da aitarekin korrika egitea, ume gizajoa!). Amets horri uko egin behar izateak izugarri tristatzen zuen. Ba, pertsona honen kasuan, oinetako minimalistak izan ziren bere pasioa minik gabe jarraitzeko aukera eman ziotenak. Eta bere kasuan diot, ez dezazuen irakurri “oinetako minimalistak belaunetako arazo guztien konponbidea dira”. Kontuz orokortasunekin. Bestalde, ez dakit orain semea berarekin korrika egiten duen ala ez. Inork ez nau jakinean eman. Hala eta guztiz ere, arima sutsu eta gogotsua, ez zaitez egun batetik bestera oinetako minimalisten zale amorratua bihurtu. Zure bizitzan sartu nahi badituzu, egizu pixkanaka egokitzapena. Ez zara pasatzen egun batetik bestera, 2 metroko lodierako zolak ematetik dena oinutsik egitera, inolako ondoriorik gabe. Urtebete sofan etzanda egon eta bat-batean maratoia korritzera irtetea bezalakoa litzateke. Oinetako mota honetarako trantsizioa kontuz eta pixkanaka egin behar da. Oinaren giharrek, tendoiek eta hezurrek denbora behar dute mekanika berri horretara egokitzeko. Eta guzti hau interesatzen ez bazaizu, ganba arrantza saiatzeko aukera ere baduzu, oso arrakastatsua izan daitekeela diote. Laster arte, Oharra: azpimarratu nahi nuke, hemen aipatuak diren testigantzek eta esperientzia pertsonalek ez dutela froga zientifikorik ordezkatzen eta alde handia egon daitekeela pertsona batetik bestera. Bereziki Forrest Gump-i dagokionez. Oharra 2: ez da erraza oinetako minimalistak erostea, denda gehienetan ez baitaude. Hala ere, lineako zapata-denda guztiek itzultzeko aukera eskaintzen dute. Nik, ospe ona duen Vibram markako batzuk erosi nituen, baina zure ikerketak egitea gomendatzen dizut. Oharra 3: Facebook baduzu, gaiari buruz komunikatzen eta askotan marka eta estilo guztietako oinetako minimalistak aurkezten dituen orrialde hau jarraitu dezakezu. Oharra 4: hona hemen gaiari buruzko artikulu eta azterketa batzuk (barkatu, dena ingelesez dago, baina bideoan azpitituluak jar ditzakezu eta Google-ri testuak itzul ditzazun eskatu) https://m.youtube.com/watch?v=7jrnj-7YKZE https://ui.adsabs.harvard.edu/abs/2010Natur.463..531L/abstract https://journals.lww.com/acsm-essr/fulltext/2012/04000/what_we_can_learn_about_running_from_barefoot.3.aspx

  • Ez zara robota!

    Ez errepikatu, ez errepikatu, ez errepikatu... Gaur, gure praktikaren funtsezko alderdi bat argitu nahiko nuke: “errepikapenaren” pertzepzioa. Askok pausatu didazue galdera hau: errepikatu behar al dut ikasgai hau? Feldenkrais metodoan, mugimendu bat errepikatzea ez da gure helburua. Beste diziplina batzuetan ikasitakoaren kontrakoa dirudi, baina arrazoi sendoak daude horretarako. Gure nerbio-sistemak zerbait berria, harrigarria, interesgarria edo dibertigarria denean ikasten du hobekien. Ikaskuntza optimizatu egiten da engaiatuta gaudenean eta jakin-mina dugunean. Norbaitek azalduko al die hori Hezkuntza administrazioei? Ez, ez ditut irakasleak kritikatzen, hezkuntza sistema “bakarrik”. Utzi bakean irakasleak eta haien oporrak, gehienek azala uzten dute haien eginkizunean! Baina gaiaz kanpo naiz... edo ez… Funtsezkoa da ulertzea mugimenduak errepikatzen ditugula badirudi ere, exekuzio bakoitza bakarra dela. Asmoa mugimenduaren kalitatean dugu, kantitatean baino. Mugimendu bat egiten dugun bakoitzean, ikuspegi berri batekin egiten dugu, mugimendu horren alderdi ezberdinei erreparatuz. Esate baterako, arnasteko moduari arreta emanez, edota gure gorputzeko atal ezberdinek duten elkarreraginari, mugitzeko dugun jariakortasuna eta erraztasunari, etab. Ñabardura horiek arakatzerakoan, ez gara soilik mugimendu bat errepikatzen ari, aldi bakoitzean zerbait berria ikasteko eta aurkitzeko asmoa baitugu. Honek gure gorputzaren eta mugimendu ohituren ulermen sakonagoa ahalbidetzen du. "Errepikapen" bakoitza esploratzeko eta ikasteko aukera berri bat da. Laburbilduz, Feldenkrais metodoan, mugimenduak errepikatzen ditugu ez gure muskuluan edo gure memorian grabatzeko, baizik eta autokontzientzia hobea garatzeko eta modu adimentsuago eta harmoniatsuago batean mugitzen ikasteko. Helburu horrekin jarri nituen martxan mini-saioak: asteroko klaseen artean (edo bertaratu ezin direnentzako edo astirik ez dutenentzako) hainbat esperientzia eskaini nahi banituen, erronka berriei aurre egiteko, eta mugitzeko eta pentsatzeko bide berriak aztertzeko. Baina, zergatik da "txarra" errepikatzea? Ez nuke txarra denik esango. Ulertu behar dugu mugimendu bat mekanikoki errepikatzen dugunean, gure mugimenduetan ager daitezkeen ñabardura berriak hautemateko gaitasuna mugatzen dugula, ez da aurkikuntza berririk gure kontzientzian, eredu ezagunetara mugatzen baikara. Gainera, monotonia ekar dezake, asperdura, nerbio-sistemak esperientziatik lor dezakeen ikasketa zailduz. Jakina, ikasgai jakin batek oihartzun handia badu zuregan, edo gehiago arakatzeko beharra sentitzen baduzu, librea zara berrikusteko. Moshe Feldenkrais-ek esan zuen bezala: “Zer egiten ari zaren baldin badakizu, nahi duzuna egin dezakezu”. Ikasgai baten errepikapen bakoitza alderdi berriak aztertzeko, mugimenduarekin jolasteko eta posibilitate berriak ezagutzeko aukera da. Erreparatu sentsazio berriei, mugimenduaren aldaera sotilei eta ikasgaiarekin elkarreragiteko modu desberdinei. Moshe Feldenkrais-i buruzko pasadizo bat partekatu nahiko nuke, ikuspegi hori ondo ilustratzen duena. Feldenkraisek arratsaldero ikasgai bat praktikatzen zuen. Hurrengo goizean, gaueko loaren ondotik, ikasgai horren zenbait atal berrikusten zituen, mugimendu batzuk aztertuz. Adibide hau ez da zehatz-mehatz errepikatu beharreko eredua, adibide soila bat baizik, metodoa eguneroko bizitzan nola txerta daitekeen uler dezazuen. Era berean, ikasgairen bat edo ikasgaiaren zati txikiren bat burura etortzen bazaizu eta jakin-mina pizten badizu, ez duda! Minutu batzuk nahikoak dira. Aurkitu zure egiteko modua, motibatzen zaituen horri kasu eman. Ez da etxerako lan bat, zure interesak gidatutako esplorazioa baizik. Gogoratu gure nerbio-sistemak motibazioa eta konpromisoa behar dituela ikaskuntza benetan esanguratsua lortzeko. Ikaskuntza sakonena, baliagarriena eta aberasgarriena, jakin-minak dakar. Irekia egoteko, mugimenduekin jolasteko eta ikasgaiekin elkarreragiteko modu berriak aurkitzeko gaitasuna nahitaezkoa da. Jolastu eta ondo pasa! Laster arte, Oharra: bai, badakit, ondo pasatzeko beste modu batzuk ezagutzen dituzula... Esploraziorako ardoa saihestea gomendatzen dizut hala ere, bestela mozkortuta egon beharko duzu ikaskuntza erabili ahal izateko berriz. Baina eragozpenik ez dago ikaskuntza berri bakoitza ardo baso batekin ospatzeko ( esplorazioaren ondoren), edota burbuila-bainu goxo batekin (ez sistematikoa, pentsatu planetari), engantxatuta zaituen serie horren kapitulu batekin edo ondo pasatzeari lotua duzun beste edozerekin. Nik uste dut hirurak egingo ditudala gaur, zure praktika hobeto ulertzen lagunduko dizun itxaropenez, idatzi dudan testu luze hau bukatu ondoren.

Beltzane Obanos Logo

64240 Ahurti

Telefonoa 06 28 21 92 12

contact@beltzane.com

© 2023 Beltzane Obanosek. Wix.com-ekin sortua - Lege Oharra - Pribatutasun politikaCookie ezarpenakBidalketa-politikaBidalketa politikaErabilera baldintzak

bottom of page