top of page
Search
Writer's pictureBeltzane Obanos

HOBE GAUDE BILUZIK (diote oinek)


OINETAKO MINIMALISTAK

Urrats bat ibilkera naturalago baterantz



Oinetako minimalistak… nerabezaroan aipatu izan bazenizkit pikutara bidaliko zintuzkedan !

 

Oraindik gogoan ditut nire lehen kirol oinetakoak aire kamerarekin. Arraioa ! Hain nintzen pozik ! Hegan egiten nuen !

 

Hegan…bai.. eta inori ez zitzaion arraroa iruditu oinetakoak ezartzea lurretik urrun sentitzeko.

 

Lurrarekiko dugun harremana hobetu behar lukeen tresna, hagan egiteko nahi genuen. 

 

Badirudi airean egotearen sentsazioa ematen duten gauza guztiak ez direla osasuntsuak (entzun dudanaren arabera, nik horri buruz ez dakit ezer) eta oinetakoak ez dira salbuespena.  

 

Izan ere, oinetako batek zenbat eta kuxin gehiago ukan, orduan eta gogorragoa eta kaltegarriagoa izan daiteke gure artikulazioentzat.

 

Baina ez dut nik esaten, gero eta ikerketa gehiagok frogatzen baitute hipotesi hori (ez airean sentitzeari buruz, oinetakoez ari naiz orain, erne egon!)

 

Testu hau prestatzerakoan, gaiari buruzko hainbat artikulu eta ikerketa aurkitu ditut.


Barruan, formula fisiko meta bat, baina horiek hemen kopiatzea saihestuko dut, ez ulertuko ez duzula uste dudalako, baizik eta nik neuk ulertzen ez ditudalako eta amesgaiztoak ematen dizkidatelako, nire batxilergoko fisika irakaslea datorkit gogora... laburbilduz, saihets dezagun sufrimendu momentu hau.

 

Hau ulertzearekin nahikoa izango duzu: oin bat lurrarekin kontaktuan dugularik, gure gorputzak bi indar bertikal jasotzen ditu, lurrak egiten duen goranzko bultzada eta grabitatearen beheranzko indarra.


Eta gero azelerazioa, eta beste formula batzuk eta bla bla bla, eta hori guztia hauxe esateko: oinetakoen gehiegizko kuxinatzea oso engainagarria da.

 

Badakit kontraesana dirudiela, uste baitugu artikulazioetan eragina murrizten ari garela. Hori da dugun pertzepzioa behintzat, baina ez da hala, inpaktuaren sentsazioa murrizten baita, baina ez inpaktua bera.

 

Fisikaren legeen arabera (nahi baduzu Interneten zentsuratu ditudan formulak kontsulta ditzakezu), gure artikulazio eta ehunek jasotzen duten inpaktuaren indarrak areagotzen dira oinetako barrubigunekin.

 

Oinetakoen gehiegizko kuxinak oso kaltegarriak izan daitezke gure artikulazio eta ehunentzat, arduragabekeriaz eman baititzakegu urratsak eta oinak edonola kokatu, baita indar handiegiarekin lurra kolpatu ere, honen ondorioak antzeman gabe.

 

Oinak behar bezala jartzen ez ditugunean (baita lurrarekiko modu egokian lerrokatuta ere), gure pisuaren banaketa kaltetua da. Orpoak, behatzak eta oinaren arkuak ez dira gai inpaktua behar bezala xurgatzeko eta gorputzaren pisua banatzeko.


Horrek ondorio ezkorrak izan ditzake gure oinetan, orkatiletan, belaunetan, bizkarrean, etab.

 

Aldiz, oinutsik edo zola meheko oinetako bigunak bakarrik eramaten ditugunean, oinek eta gorputzak lurrarekiko kontaktuan eta beheko gorputz-adarretan gertatzen ari dena senti dezakete. Aitzinatzeko biderik leunenaren bila, urratsak leunagoak eta kontzienteagoak izan ohi dira. Horrek eragin handia izan dezake gure artikulazio eta ehunen ongizatean.

 

Bai, badakit, nik ere galdera bera egiten diot neure buruari: baina nola lortu zuen Forrest Gumpek 3 urte, 2 hilabete, 14 egun eta 16 orduz korrika egitea oinetako klasikoekin lesionatu gabe? Ez dut horri buruzko ikerketarik aurkitu, ezta ingelesez ere.

 

Agian Feldenkrais egin zuen eta antolakuntza bikaina zuen kirol oinetako klasikoekin ere? Gauza ainitz ezkutatzen dizkigute...

 

Beraz, hitz egin dezagun oinetako minimalistei buruz, horretara gentozen eta.

 

Oinetako minimalistak zola mehea eta malgua dute, eta behatzentzako leku zabala, edo baita behatz bereiziak ere, edo behatz lodia beste 4etatik bereizita.

 

Helburua litzateke, oinetakoak oinaren mekanika naturalean duten eragina ahal bezain txikia izatea, zapatarik gabeko mugimendutik hurbilduz.

 

Pertsonek, oinutsik ibiliz eta korrika eginez eboluzionatu zuten milurtekoetan zehar.


Oinetako minimalistak gure oinen jatorrizko esperientzia horretara hurbiltzen saiatzen dira, lurrarekin interakzio zuzenari esker eta propiozepzioari buruzko beste zenbait gauza interesgarri.

 

Badakit "Ezagutzen dut norbait" ez dela datu fidagarria baina, ezagutzen dut norbait lasterketa zalea dena eta, bere bizitzako une batean, belaunetako mina zela eta, lasterketa betirako uztea pentsatu zuena.

 

Belaunetako arazoekin hasi baino lehen, etorkizunera begiratzen zuelarik, semearekin korrika ikusten zuen bere burua, harekin partekatzeko pasio bat (denon ametsa izan da aitarekin korrika egitea, ume gizajoa!). Amets horri uko egin behar izateak izugarri tristatzen zuen.

 

Ba, pertsona honen kasuan, oinetako minimalistak izan ziren bere pasioa minik gabe jarraitzeko aukera eman ziotenak.

 

Eta bere kasuan diot, ez dezazuen irakurri “oinetako minimalistak belaunetako arazo guztien konponbidea dira”. Kontuz orokortasunekin.

 

Bestalde, ez dakit orain semea berarekin korrika egiten duen ala ez. Inork ez nau jakinean eman.

 

Hala eta guztiz ere, arima sutsu eta gogotsua, ez zaitez egun batetik bestera oinetako minimalisten zale amorratua bihurtu. Zure bizitzan sartu nahi badituzu, egizu pixkanaka egokitzapena.

 

Ez zara pasatzen egun batetik bestera, 2 metroko lodierako zolak ematetik dena oinutsik egitera, inolako ondoriorik gabe.

 

Urtebete sofan etzanda egon eta bat-batean maratoia korritzera irtetea bezalakoa litzateke.

 

Oinetako mota honetarako trantsizioa kontuz eta pixkanaka egin behar da. Oinaren giharrek, tendoiek eta hezurrek denbora behar dute mekanika berri horretara egokitzeko.

 

Eta guzti hau interesatzen ez bazaizu, ganba arrantza saiatzeko aukera ere baduzu, oso arrakastatsua izan daitekeela diote.


Laster arte,




Oharra: azpimarratu nahi nuke, hemen aipatuak diren testigantzek eta esperientzia pertsonalek ez dutela froga zientifikorik ordezkatzen eta alde handia egon daitekeela pertsona batetik bestera. Bereziki Forrest Gump-i dagokionez.

 

Oharra 2: ez da erraza oinetako minimalistak erostea, denda gehienetan ez baitaude. Hala ere, lineako zapata-denda guztiek itzultzeko aukera eskaintzen dute. Nik, ospe ona duen Vibram markako batzuk erosi nituen, baina zure ikerketak egitea gomendatzen dizut.

 

Oharra 3: Facebook baduzu, gaiari buruz komunikatzen eta askotan marka eta estilo guztietako oinetako minimalistak aurkezten dituen orrialde hau jarraitu dezakezu.

 

Oharra 4: hona hemen gaiari buruzko artikulu eta azterketa batzuk (barkatu, dena ingelesez dago, baina bideoan azpitituluak jar ditzakezu eta Google-ri testuak itzul ditzazun eskatu)

 

 

 

2 views0 comments

Recent Posts

See All

Comments


bottom of page